XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

KULTURA

Hamarkada honetako nobelagintza aztertu du Iñaki Aldekoa idazleak

Mendebaldea eta narraziogintza du izenburu oñatiarraren entsegu berriak

Erein argitaletxeak hartu ditu beregain liburu honen karrikaratze lanak eta Durangoko azokan nobedade gisara etzanen da edozein apaletan

Aldekoak izkiriatu eta orain gutti agertu entsegu hau nobelagintza modernoaren azterketa da eta bide horretan hiru idazlan ezberdin bildu ditu.

Lehendabizikotz euskal literaturgintzan funtsezkoak direnak aipatzen dituen idazkia agertzen da.

Bigarrenekotz, berarentzat nobelagintzan garrantzitsuak eta ezinbertzekoak diren hiru elaberriren inguruko hausnarketa jorratu du: Anjel Lertxundiren Otto Pette, Bernardo Atxagaren Gizona bere bakardadean eta Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso alegia.

Izan ere, eta idazlearen iruditan, hiru elaberri hauek dira 90eko urteotan izan ditugun onenak.

Dena dela, aipatu hiru idazleen gainontzeko elaberrien inguruko azterketa sakonagoa ere egiten du Aldekoak.

Azkenik, saiakeraren gibelezko orrialdeetan jada, bi artikulu lotzen ditu.

Aurrenekoan, Joseba Sarrionandiaren ipuingintzan murgiltzen da.

Bigarrenean, Obabakoak hamargarren urtemugan (1988-1998) izenburupekoa biltzen du.

Liburuaren arrazoiaz itaundua, idazleak azken urte hauetako literaturi buruz idatzitakoa murritza dela onartu zuen eta honexegatik literatur azterketa gutxi aurkitzen dudanez, irakurri nahi nukeen hori neuk idatzi behar nuela sentitu dut.

Adibidez, Gasteiztik eskatu zidaten Sarrionandiaren ipuingintzari buruzko azterketa bat eta material bila ibili ondoren, ikusi nuen ez zegoela folio erditik gora zuen idazlanik.